XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SAKONTZEN Prozesu eraikikor bat aurrera eramatea, bide oso bat behetik gora burutzea da.

Baina bide horretan pauso bat baino gehiago eman beharra dagoenez, komenigarria da abiaburutik helbururaino ematen diren jauziak zaintzea.

Sakontzen delako aktibitatearen eginkizuna pauso horiek ematen laguntzea da.

Gehiegizkoa litzateke eman beharreko pauso guztiak aktibitate konkretu batez estal daitezkeela pentsatzea.

Askotan pauso horiek zeintzuk diren jakin ere ez dugu jakiten.

Baina, hala ere, intentzio honekin zerbait egitea komenigarria dirudi.

AGERPENA delakoan azaltzen diren ideiak SAKONTZEN dira atal honetan.

SAKONTZEN atal hau ikasleek berek bete behar dituzten galderez osatua dago gehienetan.

Galdera hauen eginkizuna AGERPENean azaldu diren ideiak noraino menperatuta geratu diren ikustea da.

Dena ondo baldin badoa, ARIKETAK delako atalera pasa daiteke; bestela, aurrera pasa baino lehen, ikusitakoa errepasatzea gomendatuko genuke.

SAKONTZEN atala ere taldeka burutzea dirudi bidezkoena.

Horrela eginez gero, sortuko diren galderei erantzuteak errazago bihurtuko du geroko lan indibiduala.

SAKONTZEN atala zubi modura pentsatua dago.

Eraikitzeko prozesuan jarritako laguntza-une bat.

Eta bestetik, balio dezake baita ere AGERPENA delakoan azaldu dena noraino barneratu den egiaztatzeko.

ARIKETAK ARIKETAK delako saila oso helburu konkretu baterako prestatua dago.

AGERPENA delakoan azaldu den ideia eta SAKONTZEN atalean borobildu denaren erabilpen praktikoa burutzeko dago pentsatua ARIKETAK delako sail hau.

Gorago esana dugun bezala, adibide bat ez da nahikoa ideia matematiko batez jabetzeko; derrigorrezkoa da adibide bat baino gehiago ematea, guzti horietatik ideia orokorra atera ahal izateko.

SAKONTZEN delakoan horrelako zerbait egin nahi da, baina hor eman daitekeen adibide-kopurua murritza da ezinbestean.

Horregatik, hain zuzen, ipintzen dugu beste bi horien ondorioz ARIKETAK delako hau.

Azaldu nahi den ideia gehiago sendotzeko alegia.

Batzuetan ARIKETAK sailak beste funtzio desberdin bat betetzen du.

Dagoeneko ezaguna dena praktikatzeko aukera eskaintzea.

Gauza jakina da gai matematiko bat menperatzeko ez dela nahikoa behin ikusi eta kito.

Derrigorrezkoa da gaia bera behin eta berriro errepikatzea ondo-ondo menperatu ahal izateko.

ARIKETAK sailean banaka lan egitea komeni da.

Bakoitzak bere lana eginez edota, bestela, oso talde txikitan.

Kontu izan ARIKETAK sailak zerbaitetarako balio duela, baldin eta norberak burutzen baditu bertan agertzen diren lantxoak.

Lana egiten duena aldameneko laguna bada, honi ongi etorriko zaio, baina ez begiratzen edo kopiatzen duenari.

Matematika ikasteko ezinbestekoa da lan indibidual hau, gehiago ikasten bait da norberak egindako okerrak zuzentzen, beste edozein bidetik baino.

Puntu hau oso garrantzitsua da eta sarritan egiten diren planteamendu didaktiko asko hemen bukatzen dira, zeren eta lan indibiduala ez bada potentziatzen eta kontrolatzen, nekez jakin bait daiteke nor non atzeratzen den.

Har ezazu, beraz, gogoan puntu hau eta ez ahaztu eguneroko dinamikan.